GENERO BERDINTASUNA, EGITEKO BIDE LUZEA – Amaia Goicoechea (Kazetaria)

Espainiar gazteak matxistak dira, haien gurasoak bezain edo areago. Ezinezkoa da beste ondorio batera iristea Espainian azken hamabi hilabeteetan genero ikuspegiari buruz egindako azterlanak eta txostenak azaletik ikertuta.

Gizakiok gizon edo emakume definitzen gaituzten ezaugarri fisiko, biologiko, anatomiko eta fisiologikoen multzoa da sexua; generoa, ordea, pertsonak gizon edo emakume esleitzen eta bereizten duen eraikuntza soziokulturalaren emaitza da.

Genero ikuspegia emakumeek gizonen aldean bizi duten mendekotasun eta desberdintasun egoera ikusarazteko aukera politiko gisa ulertzen bada, eta eskuragarri dauden datuak aztertzen badira, berehala depresioak jota gertatuko gara gutxieneko sentiberatasunaren edo zuzentasunaren jabe baldin bagara.

Horrenbestez, Droga Mendekotasunaren aurkako Laguntza Fundazioko (FAD) Sofia Erregina Zentroak 2017an egindako azterlan baten arabera, 15-29 urte bitarteko espainiar gazteen % 27,4k uste dute bikote barruan genero indarkeria “jokabide normala” dela. Gainera, %20ak dio indarkeria matxista erabat hanpatzen den gai politizatua dela. Nekez azaldu dakizkieke errespetua eta berdintasuna bezalako kontzeptuak, lehenik delitu bat zer den irakatsi behar zaienean.

Eta ez da kontua hor amaitzen. Txosten beraren arabera, gazteek genero indarkeria aipatzen dutenean “soilik oso jokabide bortitzak adierazten dituzte, ez baitituzte aintzat hartzen mugikorra zelatatzea, bikotea kontrolatzea eta jeloskortasuna bezalako kontuak”.

Euskal Herriko Unibertsitateak era berean iaz argitaratutako doktore tesi baten arabera gazte nerabe gehien-gehienak ez dira gai, edo zailtasun handiak dituzte, publizitatean sexismoa antzemateko, eta askok egiazkotzat dauzkate iragarkiek transmititzen dituzten estereotipo matxistak. Oker ari gara.

Hori bai, FADen txostenaren arabera, lau gaztetatik hiruk diote, soldatei eta enpresetan ardura handiko lanpostuetara iristeko aukerei dagokienez, emakumeek gizonek baino askoz ere aukera urriagoak dauzkatela. Ironia baliatuta, esan liteke gaizki iruditzen zaiela emakumeei tratu txarrak ematea eta beren lanpostuetan diskriminatzea, arlo pribatuan erabili beharreko eskubidea delako.

Errealitate gordin honen aurrean, alferrikakoa litzateke testu honetan zeharkakotasuna, sororitatea eta eraikuntza soziokulturalak bezalako gaiei buruzko azalpenak ematea. Askoz hobe litzateke gaur egungo haurrak behar bezala hezteko premia azpimarratuko bagenu, urte batzuen bueltan berdintasunean oinarritutako harremanak edukitzeko gai diren nerabeak eta gazteak izan daitezen. Eta ez soilik bidezkoa delako; izan ere, halaxe dio Harvardeko helduen garapenari buruzko ikerlaneko (badira 70 urte baino gehiago ikerlan horri heldu ziotela) laugarren zuzendari Robert Waldinger-ek:

“Bizitzan zehar zoriontsu eta osasuntsu egoteko, gure harremanen kalitatea da garrantzitsuena”.

 

Amaia Goicoechea, Kazetaria

PSIKOLOGIAREN HISTORIA

PSIKOLOGIA ESPERIMENTALA

Iruzkin bat utzi:

Zure posta elektronikoa argitaratuko ez da.

Site Footer

Cookie-erabilera

Webgune honek cookieak darabiltza zuk erabiltzaile-esperientziarik onena izan dezazula. Nabigatzen jarraitzen badu ematen ari da aipatutako cookieen onarpenerako bere baimena eta gurea onarpena cookie-politika, lotura informazio handiagorako zula ezazu.

ONARTU
Aviso de cookies